Gaur, 2016ko otsailak 28, lehen Kontzertu Ekonomikoaren 138. urteurrena ospatzen den eguna izanik, behean izenpetzen dugunok “Kontzertuaren Komunitatea – Gurea Kontzertua” (aurrerantzean, “Komunitatea”) sortzea erabaki dugu, komunitatearen Talde Eragilea garen neurrian.
A) Sortze-hastapenak
Lehena. “Kontzertuaren Komunitatea – Gurea Kontzertua” ekimenaren helburua da EAEko Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Ituna hobeto ezagutzeko konpromisoa sustatzea, norbanakoa zein kolektiboa, ezagutza horren difusioan eragitea eta, aktiboki, beren defentsa eta aintzatespenaren aldeko mobilizazioa sustatzea.
Bigarrena. Komunitate plataforma herritarra da, gizartetik sortua, eta bertan parte hartzen duten pertsonek beren izenean, libreki eta atsegin-sari egiten dute.
Hirugarrena. Independentea da, plataforma herritarra den neurrian, inongo partidu, erakunde, enpresa edo erakunderekin mendetasun ideologiko edota ekonomikorik gabea.
B) Antolaketa
Komunitateak ez du forma juridikorik, ez du kudeaketa-egiturarik, eta ez die bere kideei (aurrerantzean “Lagunak” izendatuta) inolako kuotarik eskatzen. Ez du komunikaturik igortzen, ez du bozeramailerik eta ez du kide edo “Lagunak” ordezkatzeko bestelako biderik. Komunitatearen ahotsa, bada, berau osatzen duten kideena izango da, nork bere erantzukizunetik azalduta.
- Ekimena abian jarri eta berau errazteko helburu soilarekin, Talde Eragileak zenbait antolaketa-funtzio har ditzake bere gain, Komunitateko kideei proposatu beharreko erabakiak adosteko edota haren antolaketa minimoa arautzeko (esate baterako, sortze-agiri hau adosteko). Talde Eragileak ez du kargurik, eta bertan parte hartzen duten kideek ez dute inolako ordainketarik jasotzen.
- Komunitateak Kontzertu Ekonomikoaren eta Itunaren ezagutza hedatu nahi du bere kideen artean. Printzipioz, ez du parte hartze presentzialik eskatzen duen ekitaldirik antolatuko, ez du foro, topaketa edo batzarretan parte hartzea eskatuko, nahiz eta bere kideek interesgarri deritzoten era horretako topaketak elkarri komunikatzeko geroago aipatuko den webgunea erabili ahal duten.
- Urtean behin, Topaketa bat antolatuko da, eta bertara gonbidatuko dira Komunitatea osatzen duten pertsona guztiak, urteko jarduera errepasatu, kideen arteko harremana sustatu, ekimen berriak definitu eta ideiak eta ikuspuntuak partekatzeko. Egoki ikusiz gero, “Kide Nabarmenak” deitzea proposa liteke, urtean zehar Kontzertu eta Itunaren aldeko ekintzak eginez Komunitateren helburuak bereziki sustatu dituzten pertsonen ekarpenak aintzat hartzeko.
C) Konpromisoak
Komunitatea osatzen dutenek ondoko konpromisoak aitortzen dituzte:
- Kontzertuaren ezagutzan sakontzea. Data honetan bertan argitaratu den Pedro Luis Uriarteren “Nuestro Concierto: Claves para entenderlo”, (Gure Kontzertua: ulertzeko gakoak”) liburua “erreferentziazko liburu” moduan eskaintzen zaio Komunitateari. Gainera, egile beraren “El Concierto Económico Vasco: una visión personal” (“Euskal Kontzertu Ekonomikoa: ikuspegi pertsonala”), 2015eko azaroan argitaratua , kontsulta-iturri gisa eskaintzen da. Biak elconciertoeconomico.com web-gunean eskura daitezke. Komunitatea osatzen duten kideen esku jarriko da intereseko dokumentazioa, Talde Eragileak berak eskainia edota kideetako edozeinek emana, webgune bera erabiliz horretarako.
- Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Itunaren difusioan parte hartzea aktiboki, nork bere aukeren arabera. Mahai-inguruko komentario sinpleetatik hasi eta hitzaldi, mintegietaraino, komunikabide, sare sozial eta antzekotan jardutea da kideen konpromisoa, beti ere, nork bere askatasun eta aukerak kontuan hartuta. Hezkuntza eta komunikazioaren arloak bereziki interesgarriak dira helburu horretarako, baina ez dira bakarrak eta hortaz, difusio-asmo berbera gomendatzen da bestelako arloetan (sindikalak, enpresa-ingurukoak, kulturalak, instituzionalak, eta abar).
- Baloreen Karta onartzea erreferentzia bezala, ideia guztiekiko erabateko errespetua, tolerantzia, elkarrizketa eta elkartasuna finkatuz Kontzertua eta Ituna sustatzeko eta aintzat hartuta izan daitezen bide nagusi bezala. Balore hauek bere egiten ez dituzten kideak, edota oinarrizko jardunbide hauek errespetatzen ez dituztenak, ez dira Komunitateko kide izango.
- Komunitatean kide berriak integratzea bilatzea, beti ere Sortze-Agiri hau eta Baloreen Karta onartuta.
D) Bat egitea
Komunitateko kide izatea publikoa da eta berariazko webgunean agertuta (http://comunidadconcierto.com) gauzatuko da. Gune horretan agertuko dira Lagun gisa parte hartzen duten kideen izen-deiturak. Egoki ikusiz gero, kideek beren argazkia eta, hala dagokienean, beren sare sozialetako erreferentziak ere agertu ahal izango dira, horretarako dagokion baimena emanda aipaturiko webguneko izena emateko formularioa betez.
- Webguneak liburuetarako eta intereseko dokumentaziorako sarbidea erraztuko du, eta aktualitateko orriak ere izango ditu, artikulu, sare sozialetako erreferentzia eta antzekoekin. Horrez gain, Kontzertu eta Itunaren ikerketa, difusio eta sustapena egiten duten erakundeen erreferentzia ere jasoko da.
- Komunitate modura ez da iritzi edo ideiarik azalduko, arestian esan bezala, bere kideena baita Komunitatearen ahotsa. Hori horrela izanik, argi eta garbi azalduko da liburu, artikulu edo bestelako erreferentziak ez direla Komunitatearen posizio komuna, horrelakoak bere egiten dituzten kideena baizik.
E) Parte hartzea eta parte hartzeari uko egitea
Komunitateko alta eskatu daiteke webguneko formularioa betez eta bidaliz, edo gunean bertan agertzen diren helbideetara mezua edo idatzizko komunikazioa igorriz. Bide berberak erabiliz eskatu ahal izango da, edozein unetan, baja ematea.
F) Datu pertsonalen babesa
Komunitatean parte hartzeko ezinbestekoa da ondoko datuak eskatzea: izena, deiturak eta posta elektronikoa. Horrez gain, Komunitateak sare sozialetako erreferentziak (erabiltzaile-izena) eta argazkia eska ditzake, baina datu horiek osatzea ez da derrigorrezkoa.
Alta emandakoan ulertu egiten da www.comunidadconcierto.com gunean izen-deiturak argitaratzeko baimena espresuki ematen dela (Komunitateko kidea izateko ezinbestekoa baita). Ez da bestelako daturik argitaratuko, berariazko baimena izan ezik, eta inolaz ere ez da publiko egingo posta elektronikoa.
Irailaren 13ko Datu Pertsonalen Babeserako 15/1999 Lege Organikoak dioena betez, Kontzertuaren Lagunek emandako datu pertsonalak Datuen Babeserako Agentzian behar bezala erregistratutako artxibo automatizatuan gordeko dira. Ez dira Komunitatea ez den beste helbururen baterako erabiliko, eta ez dira inongo enpresa, erakunde edo talderen baten esku jarriko.
Talde Eragilea
Inés Anitua Jaime Balaguer
Guillermo Dorronsoro Pilar Kaltzada
Susana Serrano Pedro Luis Uriarte
Besaiden, 2018ko Otsailaren 28an